Bizi dugun informazioaren eta ezagutza kudeatzearen garai honetan, eta administrazio elektronikoaren testuinguruan, Estatuko administrazioaren goi mailako organoen webguneak (bakoitza dagokion ministerioaren eta administrazio publikoen atarian sartuta) nahitaezko baliabideak ditugu, batetik, organoak informazioaren gizarteari eskaini beharreko informazio guztia bideratzeko, eta, bestetik, administrazioko prozeduren eta zerbitzuen izapidetzea eta beren segimendua bideratzeko.
Gainera, webguneen bidez izapidetu behar den informazio kopuruak gora egiten jarraitzen du, faktore erabateko batzuek direla medio. Faktore horien artean ditugu, besteak beste: herritarrek eskatzea sistema demokratikoetan berezkoa den administrazio publikoetako kudeaketa garbia izatea; Internet fenomenoak bultzatutako globalizazioa; eta gero eta informazio digitalizatu gehiago egotea eta informazio hori kudeatzeko gero eta gaitasun handiagoa izatea. Azken hori gure gizarte digitalaren ezaugarria da.
Zerbitzu honen garrantzia nabarmena da batez ere Ogasun Ministerioaren Aurrekontu eta Gastuen Estatu Idazkaritzaren esparruan. Izan ere, bere eginkizunen izaeraren ondorioz, sortzen den informazioa eta horri lotutako zenbait zerbitzu oso garrantzitsuak dira hainbat sektoretarako, besteak beste, enpresak, unibertsitateak, estatuko eta nazioarteko administrazio eta erakunde publikoak, eta herritarrak.
Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritza Ogasun eta Administrazio Publikoaren Ministroaren mende dagoen goi-organo bat da, eta hari dagokio estatuko sektore publikoaren eta haren langile-kostuen plangintza, programazioa eta aurrekontuei buruzko ekintzak eta Europar Batasuneko funtsen eta eskualdeko pizgarrien gaineko diseinua, plangintza eta ekintzak zuzentzea eta koordinatzea, bereziki, eskualdeko politika ekonomikoari bideratutako funtsen kudeaketa eta Espainiak Europar Batasuneko aurrekontuan duen esku-hartzearen segimendua eta kudeaketa.
1997. urteaz geroztik, herritarrari zuzendutako webgunea dugu. Webgune horretan, informazio eta zerbitzu ugari eskaintzen dugu, eta egunetik egunera informazio gehiago gehitzen dugu. Webgune horren helburua da aurrekontuen arloko administrazioa herritarrei nahiz administrazio publikoetako gainerako organoei hurbiltzea.